XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BADELA ZER IKAS OIHENARTEKIN

Aste osoa iragan ondoan, Maulen eta Donapaleun, Arlande Oihenart handiaren IV. mendeurrenkari bildu diren 8 unibertsitatetako gizon eta emazte jakintsunak entzutez zerbait ikasi dugula erraten badugu, ez ahal da nehor harrituren.

Zerbait hori ordea, ez dezakegu hemen orai, nehondik xeheki ager.

Beharragorik ere.

Aipatuko ditugu bakarrik behin, larrienak.

Nola ez aipa haatik, Maulen igande aratsean, 800 lagunek prezatu dugun Muskildiarren Ikusgarri xarmanta, horko pertsu eta kantuak, Bertzaiz anaiek ontuak, dantzari gazteen itzul-inguruak, soinulari ta argilarien talendua, hots obra guzia, laster Donostiarrek ikusten ahalko dutena eta beste batzuek ere, hala nola Lapurtar zenbaitek, entzun ta ikusi behar luketena, Muskildiko artzainen axuriak sortzen hasi baino lehen.

Gero Beñat Oiharzabal eta Miren Azkarate bi euskaltzainen eskutik sartu gara Oihenarten euskarazko lanen alor aberats eta sakonean.

Atsotitz eta neurtitz, obra osoa eskuan geneukan, J. B. Orpustan-ek atera digun argitalpen berri ederrari esker.

Iruzkinak etortzen zaizkigun alde orotarik, Haritschelhar edo Altuna, Rosa Miren Pagola edo Aurelia Arkotxa, Alfontso Irigoyen edo Txomin Peillen edo Luis Mari Mugika-ren ganik, batzu olerkiez ari zirela, haien forma bereziaz edo edukinaz, besteak berriz atsotitzez eta gaurdaino duten eraginaz bai jende xehea baitan (Xarlex Videgain-ek) bai legegizonen baitan (Andres Urrutia-k).

Beste bi egunez Donapaleuk eskaini dio gure historialari lehenari hartze duen omenaldia, lehenik haren izena emanez eliza aitzineko karrika nagusiari eta ondo ondoan oroitarri eder bat, bera bizi izan zen Erdoia deitu haren andrearen etxeari.

Bestalde Donapaleun entzun diren mintzaldiek alde batetik adiarazi dute Oihenarten jakitatea eta zuhurtzia (Mussot-Goulard andereak eta Manex Goienetxe irakasleak) eta bestaldetik ezagutarazi haren mendea eta sorterria (Pontet eta Zink, bi andere jakintsuek).

Oroitzen bagara gainera Agaramonteko dukearen gizona eta liburuzaina zela Arlande Oihenart bere denboran, ikusiko dugu errazki zein interesgarria izan den, Baionako Erakustokiko zuzendariak, Ribeton jaunak, Bidaxuneko jauregian, hots duke ospetsuaren eremuan, eginarazi digun itzulia.

Zorigaitzez zer desmasiak ez ditu egin hor gaindi mendeen historioak eta... gizonen maleziak!

Eta azkenik, bi irakaspen bederen bildu ditugu azken bi irakasleenganik: Joseba Agirreazkuenaga Bizkaitarrak irakatsi digu zein luze eta zein neke izan den, Hegoaldean bereziki, Oihenartek landu zuen Baskonia edo Euskal Herri kontzeptua onar araztea.

Alta bagenuke euskaldun guziek mementu honetan kontzeptu horren berreskuratzearen beharra.

Rikardo Ciervide Nafarrak berriz adiarazi digu argi eta garbi bagenuela oraino zer ikus eta zer ikas argitaratu gabe dauden Oihenarten 17000 latinezko frantsesezko gaskoinezko edo euskarazko paperetan, hor baititugu ez bakarrik haren pertsu ta olerki frango, bainan dokumentu balio handikoen kopiak ere, hala nola Frantziako eta Nafarroako Luis XIII erregeak hartu zuen erabakia Donapaleuko auzitegi gorenean euskara onartzeko eta juje euskaldunak hor ezartzeko; haietarik bat Oihenart bera.

Ea noiz argitaratuko diren aspaldiko paper horiek?

Egun horietan entzun ditugun mintzaldi gehienak bezala, izanen dute arrakasta eta erakaspen gaurkotzat ere.

P.X.

J. Haritschelhar Euskaltzainburua Mauleko Herriko-Etxean, Longarot auzapezaren ongi etorriari erantzunez, Oihenart eta Euskaltzaindiaz egin duen mintzaldi ederrean. Arg. Egunkaria.